En | Eu | Es Contact

Prof. Anil Markandya

Markandya jauna baliabide-ekonomialaria da, esparru horretan hogeita hamar urte baino gehiago daramatza lanean, eta esparruko aditu garrantzitsuenetako bat da.

London School of Economics unibertsitatean graduatu zen 1968an, Ekonometria Zientzian Master batekin, eta 1975. urtean, Ingurumenaren Ekonomian egindako doktoretzagatik saritua izan zen.

Harrez geroztik, lan akademikoaren eta aholkularitza lanaren artean banatzen du bere jarduna. Alderdi akademikoan, klima-aldaketari, ingurumen-baloraziori, ingurumen-politikei, energia eta ingurumenari, kontabilitate berdeari, zein makroekonomia eta merkataritzari buruzko lan ugari argitaratu ditu. Bere lan ezagunen artea, aipagarriak dira ‘Blueprint for a Green Economy’ (Ekonomia Berderako Aurreproiektua), ‘Green Accounting in Europe’(Kontabilitate Berdea Europan), ‘Reconciling Trade and Development’ (Merkataritza eta Garapena Adiskidetuz) eta ‘Cleaning the Ganges’(Ganges ibaia garbituz).

Postu akademiko garrantzitsuak izan ditu AEBtako Princeton, Berkeley eta Harvard unibertsitateetan; eta Erresuma Batuko University College London eta Bath University unibertsitateetan. Erresuma Batuko University of Bath unibertsitateko ekonomia-katedraduna da.

IPCCk (Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea) Klima Aldaketari Buruz egindako Ebaluazio Txosteneko 3. eta 4. kapituluen egile nagusia izan zen.

IPCC erakundeko 4. Ebaluazioaren zirriborroa egin zuen talde nagusiko kidea izan zen, proiektu horrek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 2007. urtean, eta gaur egun, IPCC erakundearen 5. ebaluazioa prestatzen ari den taldeko kidea da.

Klima-araudiari buruzko hitzaldi bat ere egin zuen, eta 2007ko azaroan, Erroman egin zen Munduko Energia Kontseiluan hitzaldi horri bigarren saria eman zioten.

2008an iraunkortasunari buruz mundu-mailan eragin gehien duten 50 pentsalarien artean kokatu zuen Cambridge University unibertsitateak.

Markandya jaunak nazio eta nazioarteko erakunde askorentzako aholkulari gisa ere lan egin du, nazioarteko garapen banku guztietan, Nazio Batuen Garapen Programan, Europar Batasunean, baita India eta Erresuma Batuko gobernuetan ere. Munduko Bankuan Aholkulari Nagusia izan zen, eta energia eta ingurumen-gaietan eskuz esku egin zuen Asia, Europa erdialde eta Sobiet Batasun ohiko gobernu askorekin.